XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orobat, liburuen katalogoan ez da ongi finkatzen zer aditzen den euskal liburutzat: P. Mujikaren Hiztegia (1965) adibidez, euskal liburu bezala hartua ikustea, gutxienez harrigarria iruditzen zait.

Era berean, liburu bat bilinguetzat hartzeko erizpideaz zer esanik franko legoke, baina ez da beharbada hau horretaz mintzatzeko mementurik aproposena.

Hitz batez, Jakinek argitaratu zukeen liburu hipotetiko hori, oro har aski pentsatua eta landua, nahiko interesgarria zatekeen berez zegokion ingurunean.

Baina Torrealdayren saioa, bi ahoko harma gertatzen den liburu batetan eman zaigu.

Lehenik, kanporako pentsatu eta itxuratu den liburu batetan, eta beldur naiz testuinguru horretan, alde batetik bederen, Torrealdayren saioaren efikazia, lekutik at eta liburuak gainezka egiten diolarik, murrizturik geratu ez ote den.

Kanporako liburuen oportunitatearen kontua alde batera utzirik ere, badirudi alde grafikoa tartekatzeko aukeratu den moldea (ez da ahaztu behar liburu-objetu baten aurrean gaudela) ez dela izan lana plazaratzeko modurik egokiena: Torrealdayren lana liburuaren funtzioan dago eta ez liburua Torrealdayren lanaren funtzioan.

Ondorioz, Euskal idazleak, gaur saioa irakurri nahi duen irakurleak, bere gogoa ahantzarazteko dioten argazki erakargarriz gurutzatuegia aurkitzen du bere bidea.

Objetu bezala kontsideraturik, liburua aski ongi tankeraturik eta biribildurik dagoela ezin daiteke uka.

Baina ez dut uste argazkilarien lan benetan onaz eta erdal testuen gaitasun aipagarriaz mintzatzeko tokia hau denik.

Azkenik, liburuaren alde bilinguea aipatu behar da.

Inon gutxitan ikusi dut elebitasunaren arazoa Jakinen ihardukian bezain ongi planteaturik eta erresolbiturik.

Izan ere, euskal kultur estrategian, elebitasun hitzak zerbait izatekotan, berreuskalduntze-ren sinonimo puntuz puntukoa izan behar du ezinbestean.

Horrela, irabazirik ditugun arloetan elebitasunaren izenean erdarari leku uztea, elebitasunaren ukazio hutsa izango litzateke.

Guretzat, orain arte heltzen utzi ez zaigun alorrak gureganatzeko tresna bat izan behar du elebitasunak, eta besterik ez du izan behar.

Jakinen liburugintzari dagokionez, hor ditugu Gero-ren azken edizioa (gonbara bedi aurrekoarekin) eta Axularren Hiztegia: erdara sartu beharra (eta sartu behar zen nire ustez) ez da euskal testuaren nagusitasunaren hondatzaile gertatu.

Hitzaurreek eta bestek, funtsean (eta garrantzizkoagoa dena, kulturalki), euskal liburu baten aurrean gaudela adierazten digute klarki.